2009an TOPIC inauguratu zenetik aldi baterako 13. erakusketa da honakoa. Urrira arte zabalik egongo da Vietnamgo ur gaineko txotxongiloen inguruko erakusketa. Asiako txotxongilo-forma tradizional eta esklusibo honi dago eskainia.
Vietnamen, adierazpen kultural honek hemen kulturatzat ulertzen duguna baino askoz gehiago esan nahi du; izan ere, adierazpen hori herriaren eguneroko bizitzaren parte da. Horrez gain, adierazpenak beti istorio berdinak kontatzen ditu: mitologikoak, gertakari historikoak, landako bizitza, eta abar. Sozialki bat egiteko beste modu bat da, kasu honetan, txotxongiloen inguruan.
TOPIC-era gerturatzen diren bisitariek tamaina ertaineko eta handiko 36 txotxongilo ikusi ahal izango dituzte. Pieza guztiak Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroarenak dira, eta horietako batzuk, erakusketa iraunkorrean daude. Hala ere, ur gaineko ikuskizun batean erabiltzen diren txotxongilo guztiak ikusi ahal izango dira, lehen aldiz, Tolosan.
Txotxongiloak urez inguratutako uhartetxoetan kokatuta daude. Maria San Sebastian TOPIC-eko museo-arloko arduradunak dioenez: “ezinezkoa izan zen ikuskizunetan erabiltzen den ohiko eszenatokia kopiatzea, dimentsio handiak baititu, eta, horrez gain, ur kantite handia behar zelako. Horrek pisu arazoak eragin zitzakeen. Hala ere, ez genuen ura alde batera utzi nahi, txotxongilo hauen berezko elementua delako. Horregatik, urez estalitako gainazal txikien gainean kokatu ditugu”.
TOPIC-eko zuzendari Idoya Oteguik baieztatu duenez, “bisitariek edertasun handiko tailu polikromatuak eta kolore bizi eta dizdiratsuekin esmaltatutakoak ikusteko aukera izango dute. Figura horiek gai askoren inguruan htiz egiten dute: nekazaritzaz, arrantzaz, aisiaz, faunaz, historiaz, politikaz edota mitologiaz. Laburbilduz, haien bizitzaz”.