TOPIC-ek ez du konpainia egonkor propiorik. TOPIC-ek programazio-askatasun handiena bilatzen du jatorri, teknika eta arte-ikuskera desberdinetako sorkuntza eta konpainiei bide emateko, ikusleei eskaintza ahalik eta gehien aberasten eta artista gehiagori aukerak irekitzen dizkietenak.
TOPICek akordioak egiten ditu espazio egokitu bat aldi baterako erabiltzeko interesa duten konpainiekin. Bertako egoitzan produkzio berriak sartzen dituzte eta mundu osoko konpainien zerbitzura dago. Horrela, ondo hornitutako azpiegitura bat dute, ekoizpen berriak sortu, muntatu eta entseatzeko.
Hedapenaren atal bat bezala, koprodukzio-akordioak ere badaude, dramaturgia garaikidea sortzea, eszenaratzea eta zabaltzea bultzatzen dutenak. Batez ere, autore gazteekin, testu bikainak sortzeko dagoen hutsune garrantzitsu bat betetzeko. Zailtasun horrek Txotxongilolariak maitagarrien ipuin klasikoetara joatera bultzatzen baititu, behin eta berriz bertsioak eginez, ez beti ikus-entzuleen gozamenerako, ez eta jatorrizko bertsioarekiko errespetuarekin ere.
Bestalde, ikusle gazteak lehentasunen artean dituen zentro integrala izanik, TOPICek eskola-kanpaina bat eskaintzen du eta horri esker, ikasleek harreman sakona eta, aldi berean, ludikoa izan dezakete txotxongiloaren artearekin, ikuskizun on batera joanez, artistekin hitz eginez, museoa bisitatuz eta txotxongilo xume bat eraikiz. Eskola-kanpaina horren osagarri, asteburuetan emanaldiak eskaintzen zaizkie antzokira etorri nahi duten familiei.
Zentroak kontsulta gune bat du, sei postu informatikoz hornitua, mediateka, bideoteka eta liburutegira sartzeko. Dokumentazio-zentro hau txotxongiloaren artean interesa duten guztien eskura dago, bai ikerketarako edo ikasketarako, bai jakin-min hutserako.
TOPIC-en dokumentu-funtsa mundu osoko txotxongilo-ikuskizunen 2.000 bideo eta DVD osatutako ondarearekin sortu da; 1.800 kartel, 75.000 argazki, 2.500 konpainia baino gehiagoren literatura-dokumentazioa, eta 1.300 alez osatutako diziplina artistiko horretan espezializatutako liburutegi bat. Dokumentazio hori guztia digitalizatzen jarraitzen du, eta sarean ikus daiteke webgune honen bidez.
Era berean, unibertsitateekin koordinazio eta lankidetzan aritzea aurreikusten da, ikerketa-bekak emateko kulturarekin, artearekin, pentsamenduarekin eta eszena munduarekin lotutako ikasketak dituzten gazteei, arte konplexu honen alorretan sakontzera anima daitezen.
Arlo honek ez du prestakuntza arautuaren izaera; arte honen inguruko ezagutza modu autodidaktan garatzen joan diren artistei beren ikuskizunak kualitatiboki hobetzeko tresnak ematen dizkio, baita txotxongiloen erabilera hezkuntzan, osasungintzan edo aisialdian txertatzeko ere.
Txotxongilolarien birziklatze profesionalari dagokionez, ikastaro edo tailer magistraletan kontuan hartzen ditu txotxongilo-antzerkiaren zeharkakotasuna eta arte plastikoekin, musikarekin, ahozkotasunarekin, multimediarekin edota antzerki-teknologiarekin duen harremana ere, antzerkiaren oinarrizko alorrak ahaztu gabe, hala nola, dramaturgia, zuzendaritza eszenikoa edo interpretazioa. Txotxongiloen munduarekin zerikusia duten beste alderdi batzuetan bezala, TOPIC mota guztietako proposamenetarako irekita dago.
Formazioaren beste ildo bat, maisuei, aisialdiko espezialistei edota animatzaile soziokulturalei txotxongiloaren artea beren jardueretan erabiltzeko ezagutzak eta tresnak ematea da.
Jakina, 8 urtetik aurrerako haurrei bereziki zuzendutako beste lan-lerro bat dago, taldean jolasten, beren antzezpenak sortzen, txotxongiloak eraikitzen eta antzerkiaz gozatzen ikasteko.
Museoak indar berezia jartzen du nazio eta estatu mailako txotxongilo-ondarearen berreskurapenean eta kontserbazioan. Ardura handia dago artista handiek sortutako lanak babesteko beharraz, gal ez daitezen; etorkizunera begira guztion betebeharra da saihestea iraganean gertatutako galera edo espoliazioak.
TOPIC-ek arte herrikoi honen ondarea kontserbatzen laguntzen du, jardunean dauden edo dagoeneko hilda dauden sortzaileen galzorian dauden lanak erosiz, dohaintzan hartuz edo gordailu-kontratuak eginez. 2001ean, ondare mota honen galeraz arduratuta, UNESCOk gizateriaren ahozko ondare material eta immaterialen lehen izendapenen deialdia egin zuenetik, txotxongilo arteartean adierazpide batzuk jaso izan dute aipamen hau, eta TOPICek babes horretan laguntzeko apustua egin du.
TOPICeko Museoa bi arloren inguruan antolatzen da:
Izaera didaktiko edo argigarria du; txotxongiloa bere historiaren, kokapen geografikoaren, kultur aztarnaren edo teknika eta ikuskera ezberdinen bidez erakusten da. Modu erakargarri eta interaktibo batean aurkeztutako txotxongiloaren interpretazio zentro gisa planteatzen den erakusketa bat da.
Bigarren gune honetan, funts propioetatik edo mailegu edo alokairuetatik etorritako lanekin osatutako aldi baterako erakusketa monografiko espezializatuak aurkezten dira. TOPICek dagoeneko badu, jabetzan edo gordailu gisa, bost kontinenteetako teknika desberdinetako mila txotxongilo baino gehiagoko funts bat.
Neguko ordutegia
Asteartetik Ostiralera
10:00etatik 13:00etara // 16:00etatik 19:00etara
Asteburuak eta jaiegunak
10:30etatik 14:00etara // 16:00etatik 19:30etara
Astelehenak: itxita (jaiegunak eta zubiak izan ezik)
Museoa itxita egongo da urtarrilaren 1ean eta 6ean; Ihauterietan otsailaren 16tik 22ra, egun batez San Juan jaiengatik eta abenduaren 25ean. Eta abenduaren 24an eta 31n arratsaldez.
Tolosako Nazioarteko
Txotxongilo Zentroa
Euskal Herria Plaza
20400 Tolosa
Gipuzkoa