‘Jokoa eta txotxongiloak’ 2015eko aldi baterako bigarren erakusketa da, TOPIC eta Los Titiriteros de Binéfar konpainiaren arteko elkarlanaren emaitza. Hasiera batean, paperezko txotxongiloen antzerkiari buruzko erakusketa bat egitea zen asmoa, Abizandako (Huesca) Txotxongiloen Etxean gordeta zituzten paper-teatrino bilduma bat erabiliz. Baina, azkenean, erakusketak jostailuen eta txotxongiloen artean dagoen harreman estua islatzen du. Azken finean, bizia, soinua eta mugimendua ematen baitzaio objektu bizigabe bati, bi kasuetan.
Erakusketan jostailuekin zerikusia duten aukera ezberdinak ikus ditzakegu: txotxongilo edo jostailu izatearen arteko mugatik gertu dauden jostailuak, jostailuzko txotxongiloak, jostailu-liburuak, paperezko-teatrinoak, ebakigarriak… Unibertso honek haurtzarora darama bisitaria, urte batzuk dituena bai behintzat, irudimen eta ezagutzaz betetako mundu kuttuna gogora ekarriz.
TOPIC-ek 2011n eskaini zuen Los Titiriteros de Binéfar konpainiaren atzera begirako erakusketa bat. Bertan haien ikuskizunen zati bat aukeztu zen, horien artean baziren behin baino gehiagotan Tolosako Titirijai jaialdian eskaini ziren batzuk. Erakusketa honek Aragoiko konpainiak eta bere lantaldeak Abizandako Txotxongiloen Etxean gordetzen duten bilduma erakustea du helburu.
TOPIC-ek txotxongiloen erakusketa monografiko gehienak euren jatorria kontuan hartuta aurkeztu ditu orain arte: izan jatorrizko herrialde edo eskualdekoa, izan txotxongilo-konpainia partikular batekoa. Oraingo honetan, txotxongiloaren munduari zeharka begiratzearen hautua egin da, gure kontzientzian edo haurrenean txotxongiloa non eta noiz sortzen den hausnartuz.