2016. urteko TOPIC-eko aldi baterako bigarren erakusketa, 2017ko martxora bitarte zabalik egongo dena, Yase Tamam txotxongilo konpainia irandarrari eskainia dago, eta erakusketaren arima den zuzendari, gidoilari eta artista plastikoa dugu Zahra Sabri.
Erakusketa honek Irango edertasuna erakustea du helburu, bertako txotxongiloen eta Yase-e-Tamam txotxongilo-konpainiaren laguntza paregabearen bitartez. Konpainia 1990. urtean sortu zen eta mundu osoan zehar bidaiatu eta gero, euren ikuskizunek arrakasta handia lortu dute.
Tolosa ezaguna du Zahrak, 2011. urtean TOPIC-en izan baitzen ‘The Earth and the Universe’ ikuskizuna aurkezten. Bertaratu zirenak liluratuta gelditu ziren obrak zuen magia eta poesiagatik. Esan beharra dago, Zahrak TOPIC-i dohaintzan eman diola Irango hari tradizionalarekin egindako txotxongilo sorta bat, ‘Rutas de Polichinela’ erakusketan ikusi ahal direnak, hain zuzen.
Zahrak ia hamazazpi urtez egin du lan zuzendari, eszenografo, txotxongilo-fabrikatzaile eta -diseinatzaile gisa. TOPIC-eko erakusketa honetan, Irango txotxongiloen ‘Kheimeh Shab Bazi’ deituriko ikuskizun tradizionalean agertzen diren txotxongiloak ikusi ahalko dira. Ikuskizun horretako heroi nagusiak Mobarak du izena, baina pertsonaia horrez gain, beste sei ikuskizunetako txotxongiloak ere topatu ahalko ditugu, guztiak Teheranen eskuz eginak: ‘Zortzi Une’ zortzi ipuin labur mundu osoko idazle ezezagunek idatziak; Molana (Rumi) poeta irandar famatuaren ‘Tooti Par’, ‘Loroa eta Merkataria’ren istorioa; Federico Garcia Lorcaren ‘Bernarda Albaren Etxea’; ‘Lurra eta Unibertsoa’, hau ere Molanarena, eta Tolosan jadanik aurkeztua; ‘Kontatu Bat arte’ XI. eta XII. mendeko Khayyam poeta irandarraren olerkiaren zati bat, eta Zahraren azken ikuskizuna ‘Ama Kuraia eta haren umeak’.