Itzuli erakusketen zerrendara

Mariona Masgrauren artea.

Mariona Masgrau | 2012 - 2013 | Katalunia
Erakusketa martxoaren 10era arte egongo da zabalik, eta bertan 110 pieza ikusi ahal izango dira, Mariona Masgrau sortzailearen ibilbidea kontatzen dutenak. TOPIC-eko museo sailaren arduradun María San Sebastianek dioenez, “erakusketa berezia da; harizko txotxongiloak dira nagusi, eta tamaina handiko txotxongiloak ikus daitezke, horietako batzuk zeramikazkoak”.

Sortzaile katalanak haur eta helduentzat lan egin zuenez, San Sebastianen arabera “zenbait pieza bitxiak suerta daitezke, ez baitira estetika ‘polit’ baten barruan sailkatzen. Hau da, gogorrak eta harrigarriak izan daitezke, baina, era berean, oso erakargarriak dira”.
Mariona Masgrauk (1949-2007) harreman estua izan zuen Tolosako Txotxongilo Jaialdiarekin. Lehenik, La Fanfarra konpainiako kide gisa, eta, geroago, bakarkako ibilbideari ekin zionean. Tolosan eta Titirijai Jaialdian behin baino gehiagotan egon da, lehen aldiz 1987an, ‘La Reina Blanca’ ikuskizuna aurkezten. Azkenekoz 2002an etorri zen, ‘De tanto que te quiero’ lanarekin. Hain zuzen ere, txotxongiloekin nazio mailan nahiz nazioartean egindako lan bikainari esker, Titirijai Jaialdiak haren aldeko apustua egin zuen behin eta berriz.

Mariona Masgraurekin batera La Fanfarra taldearen sortzaile den Toni Rumbauren hitzetan, “Marionaren lana definitzea zaila da”, baina zenbait adjektibo aipatzen ditu haren artera gerturatzeko: “ausarta, zakarra, egiazalea, autonomoa, benetakoa, funtsezkoa, noblea, adoretsua”. Artistaz, berriz, honakoa dio: “enpatia nabarmeneko emakumea zen, ez zuen inolako arazorik egia esaterako garaian. Horrek lagunak eta etsaiak ekarri zizkion, eta haiekin moldatzen ikasi behar izan zuen emozioen bitartez”. Bere lanaren inguruan Rumbauk hauxe gehitzen du: “Iragankortasunaren mugak gainditu ditu, antzerkiak zigor modura daraman zama hori”.
Sortzaile aparta

1973 eta 1975 urteen artean Danimarkan errefuxiatu behar izan zuen, arrazoi politikoak medio. Handik Portugalera egin zuen eta bertan hasi zuen txotxongilolari ibilbidea. Esperientzia zirraragarri hark piztu zion txotxongilolari izateko zaletasuna, gerora, Bartzelonan sendotu zuena, 1976an Eugenio Navarro eta Toni Rumbaurekin La Fanfarra sortu zuenean zehazki.

Tailerreko eta eszenatokiko txotxongilolaria izan zen, eta berak asmatu zituen konpainiak egin zituen lehen ikuskizunetarako txotxongilo guztiak. Ordukoak dira, besteak beste, ‘Malic en Babilonia’, ‘La Historia del Rey Triste’, ‘La Fuente de la Eterna Juventud’, ‘Los Pastorcillos’ edota ‘La Leyenda de San Jorge’.

1984an, La Franfarrak Malic Antzokia ireki zuen. Bartzelonan espazio aitzindaria izan zen eszena alternatiboari zegokionez. Haren zuzendaritza eta kudeaketa hartu zuen Mariona Masgrauk. Konpainia nazioarteko jaialdietan mugitzen hasi zen.

1995ean Mariona Masgrauk bakarkako ibilbideari ekin zion. Emakumea oinarritzat hartuta, ikuskizun original mordo bat sortu zituen, horietako batzuk beste zenbait artistarekin lankidetzan, esate baterako, Ana Maria Moix, Joan Casas edota Rafael Metlikovec. ‘Mangalena’, “Constantina’, ‘Sophia’, ‘La Capsa de Joguines’, ‘De tanto que te quiero’ eta ‘El Despertar de las Pasiones’ izan ziren obra horietako batzuk.

2002. urtean Teatre Malic itxi ostean, Mariona abentura berri batean murgildu zen, Espai Fènix antzerki-tailerraren proiektuan. Tamalez, proiektua ezustean eten behar izan zen, 2007an Mariona Masgrau zendu zelako.
Museoaren ordutegia

Asteartetik Ostiralera
10:00etatik 13:00etara // 16:00etatik 19:00etara

Asteburuak eta jaiegunak
10:30etatik 14:00etara // 16:00etatik 19:30etara

Astelehenak: Itxita

Museoa itxita egongo da urtarrilaren 1ean eta 6ean; urtarrilak 5 arratsaldez, Iñauterietan otsailaren 8tik 14ra, egun batez San Juan jaiengatik, uztailak 31 eta abenduaren 25ean. Eta abenduaren 24an eta 31n arratsaldez.

Antzokirako sarrera itxita egongo da emanaldia hasi eta 15 minutura.

Tolosako Nazioarteko
Txotxongilo Zentroa


Euskal Herria Plaza
20400 Tolosa
Gipuzkoa

943 65 04 14 cit@cittolosa.com
© 2022 TOPIC | Designed by Chroma Estudioa