Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroak aldi baterako erakusketa berri bat jarri du martxan, Aragoiko Los Titiriteros de Binéfar konpainiari eskaini diona, alegia. Konpainia honek 2009. urtean Haur eta Gazteentzako Antzerki Sari Nazionala jaso zuen. Bere ibilbide osoari merezitako omenaldia egiten dion erakusketa izango da honakoa, eta, horrenbestez, ibilbide horretan sortutako obra eta txotxongilo guztiak egongo dira ikusgai. Binefarko Txotxongiloek Tolosako Titirijai Jaialdiarekin harreman luzea izan dute. 1991ko azaroan Iparragirre Antzokian ‘Bandido Cucaracha’ obra aurkeztu zuten, baita sekulako arrakasta lortu ere.
Orduz geroztik, agerpen asko izan diztuzte: 1995ean, esaterako, ‘¿Matamos al Dragón? eta ‘Almogavares’ lanak ekarri zituzten; 1996an ‘Fábula de la raposa’; 1999an ‘Retablo de Navidad’; 2006an ‘El hombre cigüeña’ eta 2009an ‘No nos moverán’ ikuskizunarekin TOPIC-eko inaugurazioan parte hartu zuten. Oro har, Tolosako ikusleak bereganatu ditu, baita gipuzkoarrak ere, Donostiako Musika Hamabostaldian behin baino gehiagotan eskaini dituen ikuskizunei esker.
Eszenatokietan egin dituen lanez gain, zazpi disko eta hiru liburu editatu ditu konpainiak, eta, gainera, hogeita hamar ikuskizun baino gehiago estreinatu ditu hogeita hemezortzi herrialdetan. “Gure txontxogiloek herrialde ugari ezagutu dituzte: Andorra, Portugal, Frantzia, Italia, Hungaria, Alemania, Txekiar Errepublika, Finlandia, Suitza, Luxenburgo, Belgika, Maroko, Japonia, Palestina, Kolonbia, Ekuador, India, Mexiko, Taiwan, Brasil, Puerto Rico, Costa Rica, Kanada, Grezia, Zipre, Txina, Polonia, Lituania, eta Estatu Batuetan, Kalifornia, Atlanta, Washington, New York, New Orleans, Connecticut, Vermont eta Hollywood. Eta, nola ez, ia Espainiako eta Aragoiko txoko guztiak” dio Paco Apariciok.