Erakusketa martxoaren 10era arte egongo da zabalik, eta bertan 110 pieza ikusi ahal izango dira, Mariona Masgrau sortzailearen ibilbidea kontatzen dutenak. TOPIC-eko museo sailaren arduradun María San Sebastianek dioenez, “erakusketa berezia da; harizko txotxongiloak dira nagusi, eta tamaina handiko txotxongiloak ikus daitezke, horietako batzuk zeramikazkoak”.
Sortzaile katalanak haur eta helduentzat lan egin zuenez, San Sebastianen arabera “zenbait pieza bitxiak suerta daitezke, ez baitira estetika ‘polit’ baten barruan sailkatzen. Hau da, gogorrak eta harrigarriak izan daitezke, baina, era berean, oso erakargarriak dira”.
Mariona Masgrauk (1949-2007) harreman estua izan zuen Tolosako Txotxongilo Jaialdiarekin. Lehenik, La Fanfarra konpainiako kide gisa, eta, geroago, bakarkako ibilbideari ekin zionean. Tolosan eta Titirijai Jaialdian behin baino gehiagotan egon da, lehen aldiz 1987an, ‘La Reina Blanca’ ikuskizuna aurkezten. Azkenekoz 2002an etorri zen, ‘De tanto que te quiero’ lanarekin. Hain zuzen ere, txotxongiloekin nazio mailan nahiz nazioartean egindako lan bikainari esker, Titirijai Jaialdiak haren aldeko apustua egin zuen behin eta berriz.