Hiru eta sei urte bitarteko haurrentzako ikuskizun bereziki aproposa da, eta TOPIC zentroan egindako bost asteko sorkuntza egonaldi batean zehar muntatu dute.

Paperez egindako txotxongilo lauetan oinarrituriko lana da, pertsonaia bati dagokionez izan ezik; salbuespen hori ‘boli’ edo axota da, olerkiak idazten ditu eta tituluari izenburua ematen dio. “Marrazteko, idazteko eta mozteko irrika sortu nahi diegu haurrei”. Ez dute ikuskizuna hitzetan soilik oinarritu, “adin horretako haurrentzako olerkietan soinuak, musika, abestiak, objektuak, marrazkiak eta magia biltzen direlako. Hala, hitzaren maila berean jarrita daude horiek guztiak”, azaldu du Pantzart taldearen zuzendari artistiko Elena Bezanillak.

Olerki gehienak laburrak dira, eta “bakuntasuna, umorea eta objektuekiko lana inspiratzen duten testuak” bilatu dituzte horien bidez, Elenak dioenez. Halaber, “oso ikuskizun bisuala” atera zaiela ere adierazi du. Obran, aitona baten jabetzako koaderno handi bat ageri da. “Koadernoko orrialde bakoitzean, antzerki txiki bat egingo dugu, olerki bat ardatz hartuta. Orrialde horretatik objektuak askatzen edo panpinak agertzen dira,  eta istorioak sortzen dira objektuekin; horietako asko, gainera, kantu bihurtu ditugu”.

Olerkiak naturari loturiko gaiei buruzkoak dira. “Igerabide naturari estu loturiko olerkaria baita”, dio Elenak. Atal batek elefante baten tankerako hodei bati buruz dihardu, beste batek kilker bati buruz, hurrengoak jatera eseri diren txori txiki batzuei buruz. “Bi ipuin labur ere txertatu ditugu, eta bizpahiru olerki, aitonari, koadernoari eta marrazketa nahiz idazketari eskainiak. Norberak olerkiak, ipuinak eta kantuak asmatzeari buruzkoak”. Ikuskizuna familia osoarentzako atsegina da, eta 35 minutuko iraupena du.

 « Boli bili boli » proiektua orain dela bi urtekoa da, eta hari berriro heldu ziotelarik, taldeko kideek TOPIC zentroari proposatu zioten han antolatzen dituzten sorkuntza egonaldien sailean sartzea; egonaldi horiei esker, izan ere, taldeek eta sortzaileek hainbat astez zentroko instalazioak erabil ditzakete, eta lotarako tokia bertan dutela.

“Zorionez, onartu egin zuten gure proposamena”, azaldu du Bilboko taldearen zuzendari artistikoak. Eta emaitza bikaina izan da: bost aste zirraragarri, hiru hilabetean. “Baldintzarik onenetan egon gara, espazio bikaina izan dugu entseguetarako, eta azpiegitura tekniko ezin hobeak. Luxu benetakoa”. Era berean, azaldu du funtsezkoa izan dela “Bilbotik atera eta proiektuan buru-belarri murgiltzeko aukera eduki izana, egunean zortzi orduz lan egiteko eta elkarrekin bizitzeko aukera. Diruz ordaindu ezin den zerbait da, arreta osoa proiektuan jartzeko aukera ematen duelako. Gainera, Topic zentroan estreinaldia egiteko aukera eman digute”.

Pantzart taldeak “haurrei nahiz helduei begirako jarduera eszenikoak garatzen dituen talde” gisa definitzen du bere burua. Euskal kulturan, Pantzart “inauterietako pertsonaia bat da. Eroen, bufoien, “boboen”, erraldoien, nanoen, munstroen eta askotariko pailazoen jaia, hau da, inauterietako barrearen kultura eta herri algara inspirazio iturri amaigabea dira guretzat”.

Museoaren ordutegia

Asteartetik Ostiralra
10:00etatik 13:00etara // 16:00etatik 19:00etara

Larunbatak, Igandeak eta jaiegunak
10:30etatik 14:00etara // 16:00etatik 19:30etara

Astelehen: Itxita

Museoa itxita egongo da igande arratsaldetan (2026.06.21etik 2026.09.15era izan ezik), urtarrilaren 1ean eta 6ean; Iñauterietan, otsailaren 12tik 18ra; ekainaren 20an eta 24an San Juan jaiengatik, abenduaren 25ean. Abenduaren 24an eta 31n arratsaldez.

Antzokirako sarrera itxita egongo da emanaldia hasi eta 15 minutura.

Tolosako Nazioarteko
Txotxongilo Zentroa


Euskal Herria Plaza
20400 Tolosa
Gipuzkoa

943 65 04 14 cit@cittolosa.com
© 2022 TOPIC | Designed by Chroma Estudioa