Hemen da TITIRIJAI Jaialdiko 40. edizioa.

Home » Hemen da TITIRIJAI Jaialdiko 40. edizioa #actualidad

Titirijai jaialdiaren edizio berria iritsi da eta dagoeneko 40garrena da. Aurreko urteetan bezala, familientzako, helduentzako eta kaleko ikuskizunak izango ditugu, baita eskola-programazioan soilik egongo diren ikuskizun batzuk ere, Gipuzkoa osoko ikastetxeetako ehunka haur izango baititugu jaialdiko egun hauetan.

Familiei zuzendutako ikuskizunak zortzi izango dira, guztira. La Main D’oeuvres frantziarrak izango ditugu gurekin eta, etxea eta naturaren inguruan, objektuen, irudien eta soinuen antzerkia eskainiko digute inolako testurik gabe. Objektuen manipulazioan ere oinarritzen da “Lehioak” izeneko Teatro Paraíso arabarren ikuskizuna eta baita Markeliñe bizkaitarrena ere, “Gran Mamut” izenekoa.

Zurrunka arabarrak “Gure Kanoa” lanarekin datoz. Migrazioaz, hainbat hemisferiotako pertsonen arteko harremanaz eta Lurraren zaintzaz hitz egiten du. Kataluniatik etorriko den Labu Teatro konpainiak “Bianco” eskainiko digu. Mimoa, ikus-poesia eta objektu-antzerkia eskainiko dizkigute. Bestalde, Teatro Paraiso arabarrek baita ere, “Gizon zoriontsuaren alkandora” izeneko lana aurkeztuko dute euskaraz. Teknologia berrien ikuskizuna da eta antzerki hutsari lotua dago, irudi animatuen, objektuen, musiken eta egoeren unibertsoa sortzen duena.

Eta bi geratzen zaizkigu. Lehena, “Genoma”, Pea Green Boat katalanena. Hauek elkarbizitzaren eta adiskidetasunaren erronkari buruz eta desberdintasunei eta bestearen onarpenari buruz hitz egingo digute mahai-txotxongiloaen bitartez, beste familia-egitura bati keinu eginez. Eta bigarrenak, Particulas elementares portugaldarrak, haien azken lanarekin: “Quiero la luna”.

Helduei zuzenduta, bost ikuskizun ditugu: Singe Diesel konpainia frantsesa, “Kazu” lanarekin; Toni Rumbau txotxongilolari katalana, oraingoan “Txotxongilolaria, bere bikoitza eta itzala” izeneko hitzaldi-ikuskizun moduko bat eskainiko diguna. Helduentzako ikuskizunen atal honetan, David Zuazola ere izango dugu. Jaialdi honetan, Robot lana aurkezteaz gain, “Argien hiria” izeneko erakusketa bat eskainiko digu anbiguan. Bestalde Dora Cantero-ren, “El tiempo de las tortugas” izeneko objektu-antzezlanaz gozatzeko aukera izango dugu. Hitza, musika eta irudiz betetako abentura onirikoen bilduma eskainiko digu. Frantziako Pélélé konpainiak berriz, “La muerte de Don Cristóbal” lanarekin emango dio amaiera atal honi.

Kale-ikuskizunekin jarraituko dugu, aurten bi izango baitira. Lehenengoak “Larun” izena du eta euskal mitologian oinarritutako zurezko jokoen bilduma ibiltaria da, artisau-lanak eta diseinu esklusiboa dituena. Bestea, berriz, jaialdia gehien bisitatu duen konpainietako bat izango da: Los titiriteros de Binéfar. Kasu honetan “Jauja” ikuskizunarekin datoz eta Zerkausin ikusiko ditugu bi ikuskizunak. Ez da ahaztu behar jaialdiak zirkuitu bat duela. Hainbat ikuskizunek ondorengo herriak bisitatuko dituzte: Ordizia, Pasaia, Sestao, Zarautz eta Hondarribia.

Erakusketak, jardunaldiak eta omenaldia

Titirijaiko protagonista nagusi diren ikuskizunak alde batera utzita, beste jarduera batzuk ere baditugu eta horiekin TOPICen eta Leidorren ikus daitezkeen lanen osagarri ezin hobea eskainiko dugu.

Has gaitezen erakusketetatik. Lehen esan bezala, David Zuazola TOPICeko anbiguan egongo da instalazio artistiko-interaktibo batekin. Anbiguan ere, 40 urtetako jaialdiko kartel-bilduma bat ikusi ahal izango dugu.

Bestalde, erakusketen atalari jarraituz, jaialdi egunetan, Tolosako dendetako erakusleihoak erakusketetarako gune izango dira, aurreko edizioetan bezala.

Aurten baita ere, Espainiako eta nazioarteko hainbat profesionalekin topaketak egiteko jardunaldiak izango ditugu. Jardunaldiak hilaren 23an, 24an eta 25ean izango dira, asteazken, ostegun eta ostiralean, eta beren gogoetak eta bizipenak azalduko dizkigute, esparru oso zehatz batean. Jardunaldi horiek “Indarkeria eta Txotxongilo Antzerkia” izenburupean egingo dira eta indarkeriaren fenomenoa izango dute ardatz, ikuskizunen barrutik nahiz kanpotik ikusita. Horrez gain, txotxongilo-antzerkia, tresna praktiko gisa, zein neurritan izan daitekeen erabilgarria aztertuko da, ezagutzarako eta inguruko indarkeria esplizituko testuinguru bihurtzeko.

Eta, azkenik, amaiera ekitaldian, omenaldia egingo diogu urte askoan Miguel Arrecherekin batera zuzendu eta haren heriotzaren ostean bakarrik zuzendu duen eta jaialdi honengatik guztia eman duen emakume bati. Idoya Oteguiri buruz ari gara; TOPIC – Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren bizitzan ere funtsezko zeregina izan duena.

Museoaren ordutegia

Neguko ordutegia

Asteartetik Ostiralera
10:00etatik 13:00etara // 16:00etatik 19:00etara

Asteburuak eta jaiegunak
10:00etatik 14:00etara // 15:30etatik 19:30etara

Astelehenak: itxita (jaiegunak eta zubiak izan ezik)

Museoa itxita egongo da urtarrilaren 1ean, abenduaren 25ean eta Kuadrilen Egunean (ekainean).Eta abenduaren 24an eta 31n arratsaldez.

Tolosako Nazioarteko
Txotxongilo Zentroa


Euskal Herria Plaza
20400 Tolosa
Gipuzkoa

943 65 04 14 cit@cittolosa.com
© 2022 TOPIC | Designed by Chroma Estudioa